Aurkezpena

aurkezpena

Zer da?

Hitzargiak Topaketa Europako hizkuntzak biziberritzen diharduten eragileak elkartzek ogunea izango da. Eragile horiek Hitzargiak proiektuan identifikatu ditugu hizkuntza gutxituak indartzeko jardunbide egokiak abian jarri dituztelako.Webgune honetan hasitako ibilbidean, geldiune bat egingo dugu Hitzargiak Topaketan, eragileak aurrez aurre elkar ezagutu dezaten. Topaketa, hortaz, Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak egitasmoaren esparruan egindako lanaren erakusleihoa izango da, batetik, eta ezagutza gizarteratzeko, esperientziak trukatzeko eta jakintza berria sortzeko gunea, bestetik. Azken batean, gune bat eskainiko die Europan hizkuntzak suspertzen diharduten eragileei lankidetzarako eta etorkizunean harreman berriak eta proiektu partekatuak egin ditzaten.

Aniztasuna izango da Topaketaren ezaugarri nagusietako bat. Izan ere, Europako hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuan dauden esperientzien aniztasuna islatzea da helburuetako bat. Kontuan izanda hizkuntza-komunitate ugariren berri jaso dugula, oso izaera desberdineko jardunbideak bildu ditugula, gizarte-sektore desberdinetan martxan jarritakoak, eta horien atzean dauden eragileak ere askotarikoak direla, haien arteko harremanak, elkarlanak eta sinergiak aktibatzeko era askotako aurkezpenak eta ekintzak bilduko ditu Topaketak.

Horrela, topaketan zehar guztiok elkarrekin egoteko espazioak egongo dira, talde txikietan lan egiteko guneak, gaikako espazioak, norbera bere kabuz ibiltzekoak, harremanak sustatzeko guneak, espazio intimoak, sozialak, formalak, informalak, pasiboagoak, aktiboagoak, sortzaileak… betiere, elkarrizketa eta parte-hartzea helburu izanik. Era berean, parte-hartzea presentziala izango da nagusiki, baina on-line bidezko parte-hartzeko aukera ere egongo da.


Zertarako?

Hitzargiak Topaketaren xedea da biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateek elkar ezagutzea eta haien arteko harremanak sendotzea, etorkizuneko ibilbidean eraginkorragoak izan daitezen. Zehatz-mehatz, hauek dira helburuak:

  • 1. Europako hizkuntzak biziberritzeko jardunbide egokiak, kasu eredugarriak eta horiek martxan jarri dituzten eragile estrategikoak ezagutzera ematea.
  • 2. Eragile horiei aukera ematea elkar ezagut dezaten eta elkarrengandik ikas dezaten.
  • 3. Eragile horiein arteko harremana bultzatzea edo sendotzea, eta aurrerantzeanlankidetzan jarduteko parada eskaintzea.
  • 4. Hitzargiak - Topaketaren misioa eta balioak gizarteratzen laguntzea; hau da,gizartean zabaltzea Europako hizkuntza-aniztasuna babestearen aldeko jarrerak elkarbizitzaren eta jasangarritasunaren eredu direla.


Zergatik orona ideo-n?
   

 

ORONA Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta ORONA IDEO hezkuntzako, erakundeetako eta alor sozioekonomikoko eragileen topaleku bihurtzea du helburu. ORONA Fundazioaren asmoa da ingurua hainbat alorretan (sozioekonomikoa, kultura, hezkuntza, gizartea eta kirola) garatzea. Horretarako, gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko proiektuetan oinarritutako eredu proaktiboa bultzatzen du, eta haien eskura jartzen ditu azpiegiturak, harremanak, giza kapitala eta, beharrezkoa bada, funts-bilketa.

Hitzargiak proiektuaren oinarriak ORONA Fundazioaren asmo nagusiarekin bat datozela kontuan hartuta, ORONA IDEO espazio ezinhobea da Hitzargiak Topaketa antolatzeko, eta ORONA Fundazioari ere aukera ederra iruditu zaio bere xedea gauzatzeko baliabideak eskaintzea.

Noiz eta Non?

NOIZ

2016ko ekainaren 23an (osteguna) eta 24an (ostirala).

NON

ORONA Fundazioaren ORONA IDEO eraikinean, Hernaniko Galarreta auzoan.

aurkezpena