HITZARGIAK – Elkar argitzen duten hizkuntzak

Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak proiektua Europako hizkuntza-aniztasunaren alde arituko da lanean,Donostia / San Sebastian 2016 Europar Kultura Hiriburutzaren ekimen gisa, bat egiten baitu haren misio eta ikuspegiarekin. Hitzargiak egitasmoaren xedeetako bat da gure lurraldeko eta Europako herritar guztion arteko harremanean oinarrituriko elkarbizitza-eredu berri eta iraunkor bat sortzen laguntzea; gizarte irekiagoa bultzatzen duen, aniztasuna aberastasun-iturri gisa errespetatzen eta balioesten duen eta, besteak beste, hizkuntza-aniztasuna iraunarazteko oinarri berriak finkatzeko gai izango den eredua.

Misio eta ikuspegi horiekin guztiekin bat egiteko, eta bere helburuak betetzeko, eragile eta pertsonaaskoren arteko elkarlana behar izan du Hitzargiak proiektuak. Izan ere, Europako hizkuntzak biziberritzeko jardunbide egokiak identifikatzea, elkar ezagutzea, harremanetan jartzea eta sare iraunkor bat sortzea da asmoa. Honako egitura hau antolatu da egitasmoaren ibilbidea diseinatu eta aurrera eramateko:

PARTZUERGOA

Proiektuaren gidaritza daraman taldea da. Ezagutza eta esperientziak trukatuz euskara biziberri dadin ahalegintzen ari den hizkuntza-komunitatea elkartu da Hitzargiak egitasmoa babesteko, eta Europako hizkuntzen alde lanean ari diren sare nagusiak ere inplikatu ditu, haren exekuzioaren zuzentasuna bermatzeko. Hitz gutxitan esanda, Europa mailan Hitzargiak egitasmoaren bidez egin nahi dugunaren isla da Partzuergoa.

Europa osoko jardunbideetara iristen garela bermatzeko, nork bere harreman-sareak jarri ditu Hitzargiak proiektuaren esku, bai jardunbide eredugarriak detektatzeko, bai jardunbide horien arteko elkarrizketa sustatzeko.

Erakunde hauek dira, horrenbestez, Partzuergoko kide: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, UPV/EHU, Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedra, Mondragon Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Topagunea, AEK, Bai Euskarari Fundazioa, Hekimen eta Kontseilua, eta, Europako hizkuntzen aldeko sare nagusien artean, Mercator eta NPLD.

Hitzargiak egitasmoaren koordinazioa eta exekuzioa Soziolinguistika Klusterraren gain dago. Dena den, “prokomun” filosofiapean gauzatu da, eta, ondorioz, egitasmoaren barnean zenbait lantalde eratu dira Partzuergoaz gain: Batzorde Zientifikoa eta Proiektu-taldea, zeintzuek funtzio eta egiteko propioak dituzten, bai eta hori guztia koordinatuko duen Jarraipen Batzordea ere.

BATZORDE ZIENTIFIKOA

Batzorde Zientifikoaren zereginak gakoak dira egitasmoa aurrera eramateko. Hain zuzen, hark zehaztu du, batetik, egitasmoaren ikerketa-unibertsoa, alegia, zer lurralde-eremu hartu kontuan, zer hizkuntza gutxitutako jardunbideak bilatu, zer eragile-motak sustatutakoak, zer gizarte-esparrutakoak eta abar.

Hizkuntza gutxituak biziberritzeko ahaleginean egiten diren jardunbideen artean eredugarritzat zein joko diren ere Batzorde Zientifikoak definitu du, hau da, zer ezaugarri izan behar dituzten, eta zein parametro bete behar dituzten eredugarritzat jotzeko. Halaber, jardunbideei buruzko informazioa biltzeko txantiloia sortzea ere talde horren eginkizuna izan da.

Euskal Herriko eta nazioarteko bederatzi adituk izan dituzte egiteko horiek guztiak bere gain, beren ibilbide profesionalengatik ezin hobeto beteko zituztela aintzat hartuta:

  • Larraitz Ariznabarreta, HUHEZI (Mondragon Unibertsitatea)
  • Vicent Climent-Ferrando, NPLD eta Pompeu Fabra Unibertsitatea
  • Araceli Díaz de Lezana, Eusko Jaurlaritza
  • Durk Gorter, Mercator Research Center, IkerBasque, UPV/EHU – DREAM Ikerketa Taldea
  • Itziar Idiazabal, MHOK Unesco Katedra
  • Jasone Mendizabal, Topagunea
  • Erramun Osa, Euskaltzaindia
  • Meirion Pris Jones, NPLD
  • Xavier Vila, Bartzelonako Unibertsitatea, Mercator Research Center

LANTALDE TEKNIKOA

Lantalde Teknikoa

Lantalde horren zeregina da, nagusiki, egitasmoa diseinatzea, zuzentzea, koordinatzea, bideratzea eta exekutatzea, betiere, Jarraipen Batzordearen gidaritzapean. Partzuergoaren eta Batzorde Zientifikoaren erabakien eta irizpideen arabera lan egin behar du talde honek, eta haren ardura da hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanetan diharduten eragileekin harremanetan jartzea, beren jardunbideen berri izatea, haiei buruzko informazioa biltzea, bildutakoa webgunean erakustea… Hau da, lan teknikoa egitea.

Lantalde teknikoa honako erakunde hauek osatzen dute, denak ere Soziolinguistika Klusterreko kideak:

JARRAIPEN-BATZORDEA

Hitzargiak proiektuaren egikaritzea, egokitasuna eta helburuen betetze-maila ikuskatzeko ardura du Jarraipen Batzordeak. Egitasmoaren koordinatzaile gisa, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan antolatuta dagoen heinean, Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016 Fundazioak dute ardura hori bere gain.



Asier Basurto (Donostia 2016 Europako Hiriburutzaren Fundazioa)
Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra)