HITZARGIAK – Elkar argitzen duten hizkuntzak

Zergatik HITZARGIAK?


Hizkuntza-aniztasuna da Europako ezaugarri nagusia. Hala izan da iraganean, eta hala izaten jarraitzen du XXI. mende honen hasieran ere. Hizkuntzen arteko kontaktua, ordea, ez da sarri harreman orekatua izan; lurraldez lurralde, tokian tokiko hizkuntzak ahultze-prozesuetan murgildu dira, egoera zaurgarrian edota galtzeko arriskuan geratzeraino; Europako hizkuntza-aniztasuna ahultzeraino.

Ahultze-prozesuarekin batera, ordea, Europako hizkuntza- eta hiztun-komunitate ugarik jakin dute euren hizkuntzen biziberritze-prozesu eraginkorrak abian jartzen; iraunkortasunaren ikuspegitik, helburu nagusitzat jotzen dute euren hizkuntza transmititzea, erabiltzea, hainbat esparrutara zabaltzea, egokitzea, eta egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat euren hizkuntza baliagarria, interesgarria eta atsegina izan dadin lortzea.

 

Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak proiektuaren bidez, hizkuntza horiei argi ematen dieten jardunbideak biltzen dira, eta hizkuntzen artean zubiak eraikitzen.

 

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin bat


Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu Fundazioak misio bat bete nahi du: gure lurraldean eta Europan elkarbizitza-eredu berri bat sortzea, herritar guztion arteko harremanetan. Horretarako, zenbait erronka gainditzea jarri du helburu: elkarbizitzarako eta erlazionatzeko modu berriak ikertzea, desberdinak elkartzeko eta lankidetzak sortzeko, gauzak beste modu batera eginez.

 

 

Hitzargiak - Elkar argitzen duten hizkuntzak egitasmoa primeran lerratuta dago DSS2016EUren izaera eta balio horiekin guztiekin. Hain zuzen, horregatik dago Kultura Hiriburutzak babestuta.
 

Zer da Hitzargiak?


Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak egitasmoak Europako hizkuntza-aniztasunaren alde egiten du, biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateen arteko harreman berriak sortu eta jadanik existitzen direnak indartuko baititu. Zenbat eta hizkuntza-komunitate gehiago aktibatu eginkizun honetan, orduan eta aukera gehiago izango da emaitza arrakastatsua izateko. 

Hiztun-komunitateek erabili izan dituzten mota guztietako jardunbide egokiak ditu ardatz proiektuak. Jardunbide horiek berritzaileak, egokiak, arrakastatsuak edota eredugarriak dira, bai sortu dituzten komunitateentzat, baita beste hizkuntza- edota hiztun-komunitate hainbatentzat ere. 

Jardunbide egokiak ezagutzeak ondorio biderkatzaileak izan ditzake: esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake, eta, ikuspegi globala eta lokala uztartuz gainera, nazioarteko mugimendua sendotu. 

Horrenbestez, jardunbide egokiak biltzea eta webgunean erakustea du helburu Hitzargiak proiektuak, bai eta hizkuntzak biziberritzen diharduten erakundeak elkarrekin harremanetan jartzea ere. Horretan du jarria arreta eta jomuga. Jardunbide egokiak argi gisa daude ikusgai mapa batean, dagokien hizkuntzaren eragin-esparruan kokatuta. Hizkuntzak biziberritzeko jardunbideak jaso ahala, mapan erakutsiz joango dira hizkuntza horiek, eta, hala, ikusiko da jardunbide bakoitza zer hedadurako hizkuntzan jarri den martxan.

 

Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak proiektua lagungarri izango da Europako hizkuntza-komunitateen artean ezagutza eta jardunbideak trukatzeko.
 


Zer dira jardunbide egokiak?

Europako eremu urriko hizkuntzak biziberritzeko ahaleginetan, hizkuntzaren egoera hobetzen laguntzen duten izaera askotariko ekimenak dira jardunbide egokiak. Hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren esparru askotakoak izan daitezke jardunbide egokiak: hizkuntzaren beraren garapenarekin lotutakoak, lan-mundukoak, hezkuntza-esparrukoak, plangintzari dagozkionak, transmisioa ziurtatzekoak, etxeko erabilera sustatzeko helburua dutenak, arte edo sorkuntzaren bitartez hizkuntzaren ospea sendotu nahi dutenak, komunikabideetan eragiten dutenak, edota horien artean sinergiak sortzen dituztenak; denek izango dute lekua Hitzargiak proiektuan. 

Jardunbide egokiak mota askotako eragileek jar ditzakete martxan, hala nola hizkuntza-komunitate jakin bateko gizarte-erakundeek, herri-administrazioek edo ardura politikoak dituztenek; enpresa pribatuek sortutakoak edo gizarte-taldeek bultzatutakoak ere izan daitezke, eta, jakina, izaera desberdineko agenteek elkarlanean abian jarritakoak ere oso arrakastatsuak izan daitezke.

 

Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak proiektua jardunbide berritzaileak,eredugarriak eta arrakastatsuak biltzen ari da, esparrutako guztietakoak eta mota guztietako eragileek bultzatutakoak.
 


Zein da Hitzargiak proiektuaren helburu nagusia?

Hitzargiak proiektuaren betebehar nagusia Europako hizkuntza-komunitateen arteko harreman-sarea sendotzea da, elkar ezagutzea eta elkar elikatzea, aurrerantzean tokian tokiko hizkuntzaren biziberritze-prozesuetan eraginkorrago izateko. Ez da, hortaz, Europako eremu urriko hizkuntza guztien deskribapen-mapa zehatza, ez eta hizkuntza horien datu soziolinguistikoak biltzen dituen webgunea ere.

Xede horrekin, Europako eremu urriko hizkuntzen biziberritze-prozesuetan garatu diren edo garatzen ari diren jardunbide egokiak identifikatzeaz eta ikusarazteaz gainera, eta jardunbide egokietan parte hartzen duten agente aktiboak harremanetan jartzeaz harago, Hitzargiak TOPAKETA antolatuko du, jardunbide egokien sustatzaile diren agenteen arteko harreman zuzena sustatzeko.

Hitzargiak proiektua topaketarekin batera bukatu ez dadin, eta ordura arte jositako sarea etorkizunean ere ehunduz joan dadin, plataforma birtualak bizirik jarraituko du, etorkizuneko harremanak jasotzen eta bideratzen, webgunearen bitartez.

 

Hitzargiak - Elkar argitzen duten hizkuntzak egitasmoan, hizkuntzak biziberritzeko martxan jarritako jardunbide guztiek dute lekua; Europa guztian piztu nahi ditu argiak.
 

 

Proiektuak parte hartzera gonbidatzen zaitugu!

Jarri gurekin harremanetan...